XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Liburuak irakurri eta gero, beti esaten dugu arras inozoak direla nabaritzen dela, eta horrelako maitasun sutsurik ez dagoela mundu osoan, eta idazle guzti horiek ametsetako amodio gauzaezinen bat izango zutela buruan halako istorioak idaztean.

Barre egiten diegu istorio hauei, baina behin baino gehiagotan ikusi ditut Amaiaren besoak oilo larrutan jartzen mahuka motzetako nikiren bat daramanean, eta inoiz irristatu zaio malkoren bat, liburuon pasarterik bizi eta hunkigarrienetan.

Horrelakoetan barre egiten diot eta berak tontolo hutsa naizela esaten dit eta batere sentimenturik ez daukadala.

Baina ez da hori egia.

Ez naiz mutil sentimendurik gabea.

Nahiz eta Amaiari sekula argi eta garbi ez esan, maite dudalakoan nago eta hauetako egunen batean esan egingo diot.

Nire txokoa zoragarria da benetan.

Zera txar bakar bat dauka, baina hori normala da, ganbara delako eta ganbara guztiak dira hotzak neguan eta beroak udan.

Ez da oso altua, teilatua bertan dagoelako, baina egundo ez dut bertan koskorroirik egin eta ez naiz horregatik baxua.

Etxearen gure erdiaren zabalera osoa dauka, baina aldamenean gonbidatuen gela dagoenez gero, ez da hain handia, eta gainera, nola gonbidatuen gelak pareta barruko armairu horietako bat daukan....